 |
HISTORIA
|
|
| |
Ospital zaharreko gaztetxea baino lehenago,
herrian gazteen beste esperientzia autojestionatu batzuk egon
ziren. Hauen artean, AGAk, Arrasateko Gazte Asanbladak, udaletxean
behin eta berriro lokal baten beharra aldarrikatu ondoren, Gurea
zinema zena okupatu zuen. 1987ko apirilaren 4an hartu zuten eraikin
erraldoi hori, eta iraun zuen denboran herrian zeresan asko eman
bazuen ere, gazteek gauza asko antolatu egin zituzten bertan.
Bataz beste, kontzertuak, ikastaroak, antzerkiak eta hitzaldiak.
Horretaz gain, Sorgiña irrati libre arrakastatsua zein
esaterako P.G.B. sortu eta era berean, AGAko ikastaro batetatik
gerora aski ezaguna egin zen Tunantes del Norte antzerki taldea
jaio zen. Tamalez, garaiko udaletxearekin tirabira handiak izan
zituzten eta baita orduko giroak eragindako barne arazo batzuk
ere. Horrek eta gerora kanpotik eragindako gertaera latz batzuk
gaztetxe honen bukaera ahalbideratu zuten. 1989ko martxoaren 1ean
AGAko ordezkariek gaztetxeko giltzak udaletxean utzi zituzten.
Aurrez, gazteek udalari alboan zegoen ospital zaharra erabiltzeko
eskaera egin zioten, baina ez zuten ezer lortu. Ondorioz, AGA
poliki-poliki desagertuz joan eta gaztetxearen esperientzia bertan
behera gelditu zen.
Bi urte beranduago, 1991ko aste santuan, inork gutxik gaztetxe
esperientzietan pentsatzen zuenean, gazte batzuk San Frantzizkoko
kalistroetatik ospital zaharrera Gurea zinema zaharraren
pare-parera sartzeko ohitura hartu zuten, eta haietako batzuk
bertara anplia eta gitarra zein ping-ponga eramatea erabaki zuten.
Poliki-poliki hauek batzen joan eta ohargabe berau gazteen topaleku
handi bat bilakatzen joan zen. Honela jaio zen 11 urtez herriko
gazteek zutik eta bizirik mantendu duten herriko bigarren gaztetxea.
Lehenengo jai, afari zein kontzertuak ospatzen hasi ziren, eta
urte hartan bertan gazteek eraikina egokitzeko hobekuntzak beraien
kontu egin zituzten beroni beste itxura bat emanez. Era honetan,
gazteen topagunea herrira zabalduz joan zen. Honen harira, gaztetxeko
erabakiak asanbladaren bitartez hartzen zituzten eta gazteek honi
izena emateko lehiaketa txiki bat egin zuten. Hortik jaio zen
AGAKO (Arrasateko Gazteen Alternatiboen Kofradia Organizatua)
deitura.
Aste Santuan okupatu genuen Gaztetxea
Hilabeteak eta urteak aurrera joan ahala,
giroa eta antolakuntza hobetzen joan ziren eta gaztetxeko azpibatzordeen
bitartez antolatutako ekintzak izugarri hazi ziren. Hauen artean,
musika kontzertuak nagusi baziren ere, era askotako hitzaldi,
ikastaro, antzezlan eta beste batzuk ere gauzatzen joan izan dira
urte guzti hauetan zehar.
Kontzertu eta jaien zalaparta zela eta, bizilagun batzuren kexak
udaletxera heldu eta AGAKOko kideek beste bi alderdi hauekin zenbait
bilera egin behar zituzten. Era berean, gaztetxeari kontzertuak
galerazteko saiakera bat egin zutenean, horren aurkako sinadurak
kalera atera zituzten eta ordutegia arintzeko ahalegina egin zuten.
Azkenean, herritar askoren babesa lortu eta udalarekin zein bizilagunekin
adostasun batetara heldu ziren.
Arazo horiek saihestuta, gazteek beraien ekimenekin aurrera jarraitu
zuten, eta era berean, gaztetxean bigarren hobekuntza lan garrantzitsuak
egin zituzten, honen itxura eta azpiegitura dezente hobetuz. Guztia,
noski, aurreko lanetan bezala, gazteek batutako diruaren eta esfortzuaren
bitartez. Handik denbora dezentera, berriz, AGAKOk eta udalak
adostutakoaren arabera, azken honek gaztetxeko argi-indarra hobetu
eta komunak jarri behar izan zituen.
Ospital zaharra gaztetxe bilakatu zenetik gutxira Xabier Zubizarreta
alkateak bilera batera deitu zituen asanbladako ordezkari batzuk,
hauen asmoak ezagutu ahal izateko. Praktikan, gerora asanbladak
eta udaletxeak izan duten harremana oso puntuala izan da; hau
da, udaletxea ez da gaztetxearen funtzionamenduan gehiegi sartu
eta AGAKOko partaideak beharrezko ikusi dutenean besterik ez dira
hauekin harremanetan jarri. Salbuespenen artean, bizilagunen kexak
ezagutzera eman eta akordio zein negoziazioak burutu behar izan
zituztenean. Era berean, ikastaro zehatzen baterako zein mobiliario
berria eskuratzeko dirulaguntzak eskatu izan dira kasu puntualetan.
Bestalde, duela urte dezente AGAKOko partaideak udaleko gazteria
batzordeko arduradunekin biltzen ziren, azken hauek gazteei behin
eta berriz jakin arazi baizien gaztetxe hau halabeharrez kokagunez
aldatu behar izango zutela eta agian berria egin nahi zuten frontoiaren
azpian kokatuko zutela. Horren harian, urteetan zehar bi alderdiek
hainbat bilera egin zituzten etorkizuneko beste gaztetxe horren
diseinua zehaztu ahal izateko. Era berean, ospital zaharreko gaztetxea
behin-behinekoa izatearen argudioak zeharo baldintzatu du bere
funtzionamendu zein hobekuntza aukerak. Hain zuzen ere, gazteek
behin eta berriro udalari berau insonorizatzea eta ate zein leiho
zabalagoak jartzea eskatu badio ere, honek muzin egin die eskaerei.
Bestalde, alkatetza aldatu zenean egungo gaztetxearen etorkizunaren
inguruan laino beltzak ezarri ziren, honek ospital zaharreko kultur
etxearen proiektua aurreratu nahi izan zuelako beste irtenbiderik
zehaztu gabe.
Bukatzeko, 11 urte luzeren ondoren eta Udalarekin akordio batera
iritsi ondoren ospitale zaharra utzi eta gaur egun uarkape frontoiaren
atzekaldean dagoen eraikinean gaude. 2003 ko Ekainak 7an ikusi
zuen argia Gaztetxe berriak eta Asanbladak ostiralero 22:30tan
izaten dira asanblada hau arduratzen delarik eraikin honen gestioaz.
ARRASATEKO GAZTETXEA ZUTIK ETA BIZIRIK!!!!!
Hauek dira 11+1 urte luze
hauetan gaztetxean buruturiko ekintza ezberdinak (berriztu gabe):
|
| |
|